ETORKIZUNAREN NOSTALGIA

Kasualitatea da, jakina, baina bai kasualitate polita Salbatore Mitxelenaren olerkigintzako gai nagusienetako bat nostalgia izatea. Frantziskotarrekin ikasi nahi zuela-eta Zarauztik Bizkai aldera joatea tokatu zitzaion gaztetatik Mitxelenari, edo, tokatu baino, alde egin nahi izan zuen, batzuei irakur dakiekeenaren arabera, umetan ezagututako bere baserri-giroko Iñurritza geroz eta kaletartuago ikusteak aztoratuta. Han, hamabost urte inguru zeuzkala, ama hil zitzaiola jakin zuen. Gerrak harrapatu zuen gero Oliten filosofia ikasle zebilela eta frontean aritu zen borrokan. Jakinekoa da gerran zer gertatu zen, eta, Arantzazun apaiz egin zen arren, Elizak garaileekin zituen harremanak aguantatu ezinda, erbestera alde egin zuen. Bi gauza galdu zituen Mitxelenak: haurtzaroa, sorterriaren aldaketekin eta amaren heriotzarekin, eta aberria, gerrarekin. Ondo zekien ez zela ez batera ez bestera berriro itzuliko. Nabarmen ageri du galdutakoaren nostalgia hori bere idatzietan, amari eta sortetxeari idatzitakoetan, erbestetik Euskal Herriari idatzitakoetan, beti sentibera eta indartsu. Izan ere, itzuli ezinarena izango da, segur aski, nostalgiarik indartsuena. 

Nostalgia da Ikastolaz pentsatzeak niri sorrarazten didana: han bizitako garaien poza eta haietara itzuli ezina.

Pentsatu besterik ez dago zer den zortzi urtetik hamasei bete arteko denbora gehiena toki batean pasa izana. Urte horietan gorpuztu nuen gaur naizenaren zati handiena, ez daukat dudarik, eta urte horiek Zarauzko Ikastolan pasa nituen. Han ikasi dugu guk bizitzen: ikasi dugu jolasten, ikasi dugu ikasten, pentsatzen, sumintzen, maitatzen. Nik neuk ondo gogoan dauzkat eskolaz kanpo patioan pasatako ordu mordoa, bertsoaz nola zaletu nintzen aurrena eta liburuez gero, irakasleekin izandako elkarrizketa luzeak, aurreneko kontzientzia-hartzeak, bidaiak, adiskideak. Ni zoriontsu izan nintzen etxe marroixka hartan. Forma hartzen, hazten –finean, ikasten– aritze hark bazuen zoriontasun berezi bat, ordutik errepikatu ez dena. Ez dakit: zoriontsu izan naiz ordutik, jakina, baina desberdin. Horregatik sartzen zait tarteka garai haietara itzuli nahi bat, zoriontasun hartara, ordukoetan pentsatzen dudanean edo aspaldiko partez Ikastola aurretik pasatzen naizenean edo, besterik gabe, tarteka.

Nostalgia hori, ordea, neurea da eta ez Ikastolarena. Gu joan ginen, baina etengabe daude umeak, nerabeak, gazteak guk bizi genituen garai haiek bizitzen, ez modu berean, noski, baina imajinatzen dut jarraituko dutela ikasten, sumintzen eta maitatzen. Eta Ikastolak jarraitzen du oraindik horretarako bidea ireki ahal izateko borrokatzen, nostalgiaren batekin izatekotan etorkizunaren nostalgiarekin, galdutzat ezin baitu inoiz ezer eman.