Eskolako Agenda 21

ESKOLAKO AGENDA 21

Munduko biztanle guztiek euskaldunok daukagun kontsumo eredua izango balukete bi planeta-lur eta erdi beharko lirateke guztion bete beharrak asetzeko.

Baina, planeta bakarra daukagunez, zer gertatzen da?:

  • Beste batzuk gu baino okerrago bizi direla.
  • Munduko baliabide naturalak, gureak eta besteenak, agortzen ari garela.
  • Lurra, ura eta airea kutsatzen ari garela gure hondakinekin.
  • Gure hondakinak geroz eta lur gehiago okupatzen dutela.
  • Etorkizuneko belaunaldien baliabideak jaten ari garela eta azken finean haientzako uzten ari garen etorkizuna ez dela oso erosoa.
 
Beraz, gure bizi modua guztiz jasanezina da.
Zer egin dezakegu gure bizimodua jasangarria izateko?
 
ZER DA ESKOLAKO AGENDA 21:

Gure herriek (EAEn 99 herri) eta gure Derrigorrezko Hezkuntzako ikastetxeek (EAEn 341 ikastetxe, %50ra) jasangarritasunaren aldeko heziketa bultzatzea erabaki dute eta horretarako ESKOLAKO AGENDA 21 proiektua aurrera eramatea erabaki dute herrian eta ikastetxean. Beraz, Eskolako Agenda 21 guztion konpromisoa da, eta, bestetik, ikastetxearen eta haren ingurunearen ingurumen eta gizarte hobekuntzaren aldeko ekintza plana da.
 
ZEINTZUK DIRA ESKOLAKO AGENDA 21EN HELBURUAK?

  • Berrikuntza eta hezkuntza-kalitatea lortzen saiatu, gure ikasleengan arazoak konpontzeko gaitasunak garatu eta ikasleak herritar partehartzaileak izaten ohitu.
  • Eskolan eta herrian dauden gizarte eta ingurumen arazoak gure ikasleek ezagutu ditzatela eta hobekuntzarako proposamenak eta alternatibak adostu eta martxan jarri.
  • Ikastetxea ingurumen-eta gizartearen aldeko praktika baten eredua bilakatu.

Urtero gai bat lantzen dugu, aurten ekitatea gaia landuko dugu eta eskolan, etxean eta herrian gai horren inguruan dauden arazoak aztertuko ditugu. Aztertu eta gero helburu batzuk finkatuko ditugu eta lanean hasiko gara.

 

ETA ZER EGIN DEZAKEGU GURASOOK ETXEAN?


  • Eskolako Agenda 21en lantzen ari diren gaiak familian landu. Familiaren eragina eskolarena baino handiagoa da ikasleen lorpenetan: bikoitza adituen esanetan.
  • Eskolako ingurumen batzordeko kidea izan, eskola eta familiaren arteko harremanak indartzeko eta biak elkarrekin ildo beretik joateko ikaslearen heziketan.