Kanpo eremua eraldatzen

Mutilak futbolean jokatzen espazioaren erdigunean, azaleraren zatirik handiena okupatzen; neskak eta futbola gustuko ez duten mutilak bazterretan, toki erresidualetan, jolasean edo berriketan. Irudirik ohikoena da eskolen kanpo eremuetan. Gainera, neurozientziak esaten digu: mugimenduaren bidez ikasten dugu. Beraz, denok izan behar dugu mugimendu mota aberatsagoa izateko eskubidea.
Egoera honekin deseroso, Salbatore Mitxelena ikastolak duela hiru urte martxan jarri zuen hau eraldatzeko hausnarketa prozesua. Aurtengo ikasturtean ikasle, irakasle eta gurasoak proiektu parte-hartzailea garatzen ari gara Ikastolaren kanpo eremua diseinatzeko. JABETU AMESTU ADOSTU faseetan antolaturik, aprendizaiaren eta giza-garapenaren oinarriak ardatz harturik jolas libre, parekide, inklusibo, eta elementu naturaletan oinarrituriko proposamena garatu dugu. Azken fasea falta dugu bakarrik: ERAIKI.