Kanta bat, elkarrekin abesteko

Zientzialari askok ikertu dute musika: nola jaio zen; zer funtzio duen; nola azaltzen den eboluzioaren ikuspegitik… Oraindik ez dira galdera guztiei erantzutera iritsi, eta agian ez dute inoiz lortuko, baina zenbait alderditan ados daude. Adibidez, garbi dute musikak eragin bateratzailea duela, pertsonok elkartzeko gaitasuna duela, taldea sortzeko ahalmena. Horrez gain, bide eraginkorrena da emozioak kutsatzeko eta mezuak igortzeko, barru-barruraino.

Seguru asko, Kilometroetako lehen kanta egin zutenek ez zuten zientzialarien teorien berri. Hala ere, bazekiten musika sentipenen adierazle eta garraiatzaile bikaina dela, eta elkarrekin kantatzeak kidetasuna pizten duela. Horregatik, edo horretarako, sortu zuten Kilometroetako lehen kanta.

Geroztik, Kilometroetako jai bakoitzak izan du bere abestia, garaiko giroa, herriko nortasuna eta antolatzaileen izaera islatu duena. Horren harira, ariketa polita da Kilometroetako abestiak alderatzea, eta ikustea zeinen desberdinak diren batzuk besteetatik, helburu berbera izan arren. Gogoratu, adibidez, Zarautzek hartu dituen bi Kilometroetako abestiak, bigarrena, Oriorekin batera. Ez; ez daude Kilometroetako bi abesti berdin.

Eta Kilometroetako abesti bat sortzeko formularik, ba al dago? Bada, ez, ez dago. Edo, baldin balego ere, aurtengo antolatzaileok ez dute, ez dugu, horren berririk izan. Eta hori zoragarria izan da, aukera eman baitigu hutsetik hasi eta esperimentatzeko, askatasun osoz.

Ez dira gutxi izan gure buruari egindako galderak, jakinda, gainera, Kilometroak, Korrika edo antzekoek sortutako kantek dagoeneko ez dutela garai batean izaten zuten oihartzuna jendartean.

Horrek ez gaitu kikildu, ordea. Alderantziz, lagungarri ere izan zaigu ulertzeko komeni dela sortzen dugun abesti hori oso gurea izatea. Azken finean, denen ahotan dauden abestien klon bat eginez gero, besteetatik ez bereizteko eta oharkabean geratzeko arriskua izango luke. Gurea, oso gurea, izanez gero, berriz, guretzat behintzat berezia izango litzateke. Hortaz, xume baina egiazko, guk geuk egitea erabaki genuen, hitz eta doinu.

Ondo, beraz; gure abestia geuk egina izango da, hitz eta doinu. Hurrengo galdera: eta zer egin lehenengo, hitza ala doinua? Horretarako ere ez dago formularik? Ez, ez dago.

Edo bai, agian ari gara formula lortzen: eztabaidatzea eta adostea. Eta, oraingoan, hitzetik abiatzea erabaki du sortzaile-taldeak. “Izan dezala errepika”, eskatu du batek; “izan dadila kantatzeko erraza”, besteak, “umeek erraz kantatzeko modukoa”, ñabartu du hurrengoak. Eta enkargu hori eman zaio hitzaren egileari, zeina ikastolako ikasle-ohia, bertsolaria, eta ikastolako haurren ama den.

Ekarri ditu hitzak egileak, eta kantuz aurkeztu. Egina dago eta kanta! Ez, beste jantzi bat behar duela erabaki dute; taldeko musikariak prest daude proposamenak egiteko. Eta egin dituzte! Hiru!! Bat, kalekoa eta erosoa; bigarrena, dotorea eta xehetasunez betea; hirugarrena, alaia eta koloretsua. Ez da erraza izan bakarra aukeratzea, baina hitzak eta eguna aintzat hartuta, hirugarren doinuaren alde egin du taldeak. Eta hasiera-hasierakoa ere, hitzekin batera etorri zen hura, aintzat hartu dute, gainera.

Elkarrekin txirikordatu dituzte hitzak eta notak. Bidean, jende gehiago batu zaie, batzuk ahotsekin eta besteak musika-tresnekin. Eta denen artean sortu dute kanta bat, elkarrekin abesteko; abesti bat, elkarrekin dantzatzeko; dantza bat, elkarrekin aurrera egiteko. “Ni, hi hura, ikastola mundura”