Milaka lore, zurekin gaude

Maiatz, lorail, hostaro. Ailegatu zaigu maiatza. Ikasturteko azken arnasak, azken anabasak,  jolasak eta jolaserako egarri demasak, udara aurreko eguzki izpiak usaintzeko egingo diren egunpasak, eta lehen gaupasak.

Badaude, garaiotan, uda muga dutela erloju kontrako denbora inoiz baino astunagoa egiten zaien ikasleak, klaseko orduak eternitate lodi eta zerratuak iruditzen zaizkienak, segundoak daramatzan erlojua bera harea mugikorretan itoko balitzaie bezala; eta badaude ikastolan gorputzeko txakra guztiak halako poz bizigarriz betetzen zaizkienez, udara iristeko pena dutenak ere, txikitan gustura joan arren, nerabetzen hasiak direla eta gurasoen herrira joateak alferkeria eragiten dielako. Badaude egunez egun motxila sorbaldatik gero eta beherago zintzilikatzen zaiena, ikasturtea amaitzen ari dela konbentzitzeko txankletetan etortzen hasi direnak, horrela uda azkarrago iritsiko balitz bezala, eta badaude gaur ere hamaiketakoa etxean ahaztu dutenak. Badaude azken azterketak ikasteko egutegia egina dutenak, eta badaude azken hauetarako txuletak nola hobetu pentsatzen ari direnak; badaude ikasbidaian norekin ligatu aukeratzeko izango dutenak, ametsetako mutila edo neska beste batekin joaten ikusi beharko dutenak, eta badaude haien desira pasionanteena goizeko laurak arte lagunekin kartetan eta kontu-kontari ibiltzea dutenak; badaude ekaina urduri amaituko dutenak, hurrengo urtean ondoko gelako ikasleekin nahastuko dituztelako, eta badaude jangelan ikasturte osoan zehar jana ondokoari emanez pasa ondoren, laster platera garbi utzi beharko dutenak ere.

Badaude, etxe honen bueltan, Aste Santuko oporrak beranduegi izatearen sentsazioa arrastaka, azken txanpa hau txaparrotan biziko luketen irakasleak, eguneko laugarren kafea hartzera doazenak, eta kaferik gabe pasilloetan harrapaezinak direnak. Badaude iluntzero udarako planarekin amesten dutenak eta badaude ikaslerik gabeko udarak luzeegi egiten zaizkienak. Badaude pazientzia amaiezina duten irakasleak, gelara sartze hutsarekin ikasleak isiltzen dituztenak, haien itzaletan isiltasuna beraiekin ekarriko balute bezala. Badaude, seguruenik, ikasturte amaieran errazago haserretuko direnak, eta badaude birikak udaberriko pozez blaituta amaitzen dituztenak egunak. Badaude hamar hilabetez berrehun ikasleentzat babarrunak prestatzen egon ostean, bi edo laurentzat purea egiteko irabiagailua hartzea arinegia egingo zaiena, eta badaude hogeita zortzi mahai garbitu beharrean etxeko bi mahaiak motz geratuko zaizkienak.

Eta badaude, udaberri usainez, maiatz honetan urriak 6ra begira daudenak, festa erraldoiaren prestakuntzan diharduten ugari. Badaude eragiten dutenak, eta badaude egiten dutenak; auzolanean lagun egin direnak, adiskidetu direnak, penaz agurtuko direnak. Badaude ordu txikiek jan arte ordenagailu aurrean gelditu direnak, eta badaude lo ere egin ez dutenak. Badaude punta ateratzen dutenak, eta badaude ateratako puntatxoa fintzen dakitenak. Badaude bilerak arintzeko bizkotxoa ekartzen dutenak, eta beti bileratik lehenago ateratzeko premia dutenak; ideiak soberan eta orduak faltan dituztenak, logoko harien zurrunbilo labirintikoan galtzen direla amestu dutenak. Badago abestian klarinetearekin belarriak maitemindu dituena, kantatzen hasi eta hegan ari dela dirudiena, baxuaz oinarria markatu duena, eta badago arpa jo duena ere. Badaude arropa egunero-egunero atera eta txukun-txukun jasotzen dutenak, zozketako boletoen enigma ebazteko ekuazio integralak egin behar izan dituztenak, badaude zirkuitua begiak itxita eta atzerantz egingo luketenak eta badaude egitarauan egiak erakutsi eta arauak berrikusarazi nahi dituztenak. Badaude komunikatu behar dena ahalik eta komunikatiboen komunikatzen dakitenak, badaude botikineko guraizeak eta tiritak etxetik ekarriko dituztenak, oholtzapeko kableak nola nahaspilatzen diren ikasiko dutenak eta oholtza gainekoei harrera egingo dietenak; badaude jolasak pentsatuko dituztenak eta badaude erronkan graduatua jokatuko balute bezala arituko diren ikasleak. Badaude urriko igandea ahalik eta jasangarriena egin nahi dutenak, izkina bakoitza zeharkatzen duten hari more feministak eta badago nori zer eskatu badakien eta bidexka denak iparrorratzik gabe bateratzen dituen koordinatzailea. Badaude egunean bertan aparkalekuko txanda egingo dutenak eta badaude iaztik lanean ari direnak. Erratza pasako dutenak, berriz lurra zikinduko dutenak, esan nahi dutena isiltzen dutenak, ez direnak isiltzen, entzuten dakitenak, mugituak, tematiak, malguak, patxadatsuak, alaiak, serioak, despistatuak, bromazaleak, artistak, amak, aitak, umeak, amonak, osabak. Badaude magia dutenak. Guzti honen sorreran zebiltzan berdinak. Banago, bahago eta egongo dira; eta eskerrak bagaren hainbeste kolore, bestela dena litzateke zuri-beltz, ez urdin, ez more, ez berde.