Bateltxoa kulunkan

Rainel María Rilkerena omen da pertsona ororen aberria haurtzaroa dela dioen esaldi entzutetsua. Aberrira itzultzeko aukera ezin hobea eskaini dit, beraz, aurtengo KILOMETROAK Zarautzen burutzeak.

Salbatore Mitxelena ikastolako lehen labealdi hartako haurra naiz. Berrogeita hamalau urte joan dira fraideen elizako ipar-hegaleko etxe txiki hartara lehen aldiz sartu ginenetik. Orain, duen neurria du. Baina orduan ez zitzaigun iruditzen txikia zenik ere… Etxetxo hark baditu beheko solairua eta goikoa nire oroimenean. Baditu gelak ere, eta gelako hormetan gerra aurreko euskal margolarien estiloko nekazaria, arrantzalea… daude. Badu gelak marra borobil bat pintatua, berdez esango nuke, korroan dantzan aritzeko baliatzen genuena. Komunak non-nolakoak zituen ez dut gogoan. Eta konturatu naiz argazkiengatik dela. Inork ez diola komunei argazkirik ateratzen, eta ondorioz, edonoizko eta edonongo komunak nolakoak ziren ahaztu egiten zaigula beti. Hormako arrantzalea edo nekazaria garai hartako argazki bakanetan ikusita baino ez daitezke egon nire gogoan.

Gabriel García Márquezi eransten diote berriz, honako esaldia: "Ni ume argi eta zoriontsua nintzen harik eta eskolara joaten hasi nintzen arte". Ez dezaket bat egin idazle handiaren hitzekin. Ni, ikastolan, argia ez dakit, baina zoriontsu izan nintzen. Ezinen garaia zen gurea, baina gu ez konturatzeko adina egin zuten irakasle eta gurasoek. Beste umeak beti eraikin berera joaten baziren, guk bi urtez behin-edo toki berria estrainatzen genuen, eliza-hegaletik garaje batzuetara, garaje haietatik beste batzuetara, garaje hauetatik txalet batera… Paotxa. Guk, pottoken bidez ikasten genuen zenbatzen. Guk, gorri-urdin bana geneukan beste eskolatako haurrek ez bezala. Guk, besteek ez bezalako liburuak genituen: Martin Txilibitu, Xabiertxo… Eta entziklopedia bat etxean, ez dut gogoan nork, “Luterestia” hitz gogoangarria jarri ziona. 

Gerora konturatu naiz nire lanbiderako izan ditudan erraztasun asko garai hartako heziketari eta hezitzaileei zor dizkiedala. Jende aurrera ateratzen ginen kantura, ipuin kontaketara edo antzerkia egitera ume-umetatik; ikasi genituen abestirik gehienek, euskal tradizioari jarraiki, metrika jakin bat zuten: “Bateltxoa kulunkan”, “Eskualdun makila”, “Oraindaineko inularretan”… - eta bertsotan hasi nintzenean jabetu nintzen hamar-zortzi edo zazpi-sei neurriak oso neureganatuak neuzkala neu konturatzerako; ezer gutxi daukanak sormena du helduleku eta sormenean heziak izan ginen gu. Ezer gutxi edukitzeak eraman gintuen ikastolaldia ongi horniturik bukatzera. Ongi edo… desberdin behintzat bai.

Katalina, Joxepa, Milagros, Begoña, Luke, Juanita… emakume izenak hasiera hartan. Gero heldu zitzaizkigun Manolo, Andu, Antton, Paulo… Ongi joan dadila KILOMETROAK eguna. Milaka argazki aterako dira jaiaren inguruan. Ez ahaztu, behingoagatik, komunei bat ateratzea. Gure memoriak euskarririk izan dezan.